Braillean

2017ko azaroaren 21ean aurkeztuko da ‘Braillean’ Beira taldearen hirugarren diskoa. Hamaika kanta berrik osatzen dute disko hau.

Ohi bezala, mimoz idatzitako letretan oinarritutako diskoa da. Jon Martinek idatzitako bertsoei doinua jarri die Igor Arruabarrenak eta Urtzi Olaziregi, Gari Amundarain eta Mikel Arruabarrenak erritmo biziekin defendatzen dute diskoa. Korista nagusia Irati Odriozola da, baina ez da kolaboratzaile bakarra: Moro, Aneguria, Xendarineko Ahizpak, Laineko Leire eta Kris, Iñigo Asensio…

Honakoak dira kantak:

  • ZEN
  • Brailean
  • Sugegorria
  • Prediktor
  • Ez askatu inoiz
  • Mundu bat
  • Sugeak eta nireak
  • Izurdeak
  • Taxian
  • Lumak
  • Lore beltzak

Kanta berriok ez ezik, aurreko diskoetako kanta ezagunak ere gogoratuko dituzte Beirakideek aurkezpen kontzertuetan. ‘Dena ez denean ezer’ eta ‘Margotu berria’ diskoetako kantarik ezagunenak ez dira faltako, beraz. Azaroaren 25ean izango da lehen aurkezpen kontzertua Oiartzungo Pagoa aretoan. Segidan etorriko dira azaroaren 30ean Gasteizko Naski tabernan izango dena (19:00tan) eta abenduaren 10ean Elizondon ospatuko dena. Durangoko Azokan ere izango da Beira Lanku eta Bertsolari aldizkariaren stand-etan. Ahotsenean aurkeztuko dute beraien lana abenduaren 6an, 13:40an.

ZEN kantua izango da taldearen lehen singlea. Bideoklipa  ikusgai da dagoeneko. Bertan parte hartzen du Eneko Gil Kukai-ko dantzariak.

Hona hemen Beira taldeko zenbait argazki. : https://flic.kr/s/aHskwMGqvB

Diskoa

Beira taldearen hirugarren diskoa da honakoa. 11 kanta ditu.  Honakoak dira kantuen xehetasun batzuk:

  • ZEN: Euskal Herriak historian zehar pairatu dituen indarkeria du ardatz kantu honek. Zortziko handiak dira. Hoskidetasunarekin jolasten du: bertso guztiak bukatzen dira zen eta aurreko hitza ere -tzen dute, beraz, errepikortasun bilatu bat dago kantu honetan. Bederatzi bertsoko sorta batetik abiatu zen letra, baina erdia baino gutxiago daude entzungai diskoan. Diskoko kantarik pop-eroena da.
  • Brailean: Maitasun istorio bihurri eta bihurritu bat deskribatzen du, lizun eta goxo. Bost lerroko berdina da neurriz eta lerro guztiek errimatzen dute ABABA egituraz (espainiar litaraturan quintilla deitzen zaio). Diskoari izena ematen dio kanta honek.
  • Sugegorria: Naturan kokatutako poema bat da honakoa. Euskaraz idatzi eta musikatutako soneto bakarrenetakoa da honakoa, diskoko alerik poetikoena.
  • Prediktor: Haurrik izan ezin duen bikoten baten oinazea deskribatzen du hamaseiko txikiko sorta honek. Bederatzi bertso dira berez, baina bertsio laburtu bat da diskokoa.
  • Ez askatu inoiz: Balada heavy-a. Ordulariak izozten dituzten besarkadei jarritako hiru zortziko txiki dira. Maitasun askeari jarritako bertsoak dira, modu bat baino gehiagotan uler daitezkeenak.
  • Mundu bat: Burbuilak bezalakoak dira maitasun harremanak, etengabe sortu eta deusezten direnak. Norbere neurriko burbuila eraiki behar… Beira-ren letretan konstante bat izan den dezima neurrian (ABBAADDEED) idatzita daude.
  • Sugeak eta nireak: Diskoko kantarik dantzagarriena da, sedukzioaren sugea hipnotizatzen dakitenentzat. Kopla handiak dira metrikoki.
  • Izurdeak: Sehaska kanta, haurrentzat eta haur izandakoentzat. Lau zortziko txikik osatzen dute kanta hau.
  • Taxian: Istorio bat sei zortziko handitan kontatua. Bukaeraraino egin beharreko bidaia bat. Beira-ren hasierako estiloa mantentzen duen sorta da honakoa.
  • Lumak: Gizontasun hegemonikoa zalantzan jartzea proposatzen duen kanta. Ez gaitezen definizio bakarrean korapilatu. Lau zortzi txikik osatzen dute sorta hau.
  • Lore beltzak: Rap estiloko kanta. 80. hamarkadan jaio zirenei belaunetako merkurokromoa berrituko zaie.

Aurreko diskoa Margotu berria izan zuten. Ordurako boskote bihurtuta zegoen taldea. Lehen diskoa, berriz, bikote bezala atera zuten: ‘Dena ez denean ezer”. Aurretik beste bi diskotan argitaratuta zeuden Beiraren kantuak: ‘Moskutik Lezotira’ albumeko ‘Bakardadeak’ kantua eta ‘Itoti bat gutxiyo’ diskoko ‘Pianojolearena” izenekoa.

Taldea

Jon Martin da taldeko kantaria, Igor Arruabarrenak jotzen ditu kitarra elektrikoa, akustikoa eta teklatua, Gari Amundarainek kitarra akustikoa eta elektrikoa, Urtzi Olaziregi da baxujolea eta Mikel Arruabarrena bateriajolea.

10 eurotan salgai dago diska. Kontzertuetan bertan eskuratu daiteke, baita zenbait tabernatan ere (Amazkar,…).

Diskoaren diseinua

Marta Ortizek ondu ditu diskoko argazkiak. Propio atera ditu diskorako argazkiok Bilboko argazkilariak. Kanta bakoitzari argazki bat ateratzeko lana hartu du Martak. Zenbait kanten arteko jolasa ere planteatzen du artista honek, argazki batek zentzu bat baino gehiago har dezaketela erakutsiz. Goren Alkizak maketatu eta  diseinatu du KDa. Artista bisual honek lagunduko du Beira zuzeneko gehienetan, bideo proiekzioak inprobisatuz.

Beira taldeak letrak eta musika lantzeaz gain, irudiak ere zaintzen ditu. Horren adierazgarri da, Beira taldeak sari asko jaso dituela alor horretan. www.bertsomovieda.com lehiaketan lehen saria irabazi zuten 2012 eta 2013an. 2014an, berriz, publikoaren saria. 2015 urteko lana honakoa da.

Disko honetako kanturik gehienek badute beraien bideoklipa. Kontzertuetan, lekuak hala ahalbidetzen duen kasuetan, Beirak VideoJockey (VJ) lanak ere egiten ditu. Doka-ko kontzertuan ere halaxe egin zuten.

Beiraren logotipoa

Joseba Larratxek (1985, Irun) sortu du Beira taldearen logoa. Beira kontzeptuaren bi esanahiak perfekzioz uztartu ditu Joseviskyk (bere izen artistikoa) begira eta beira materiala batean marraztuz. Hautsitako begiorde bat erakusten du logotipoak. Artista beratarra bereziki nabarmendu da komikiaren munduan. Ikasketaz Arkitektua, bokazioaz marrazkilaria, bideoklip askoren sortzaile ere bada. Sexty Sexersen edo Surfin Kaos-en bioklipak egin (gidoia, kamera, zuzendaria, argitatzailea… finean dena)  izan ditu.  Bere lana ikusgai dago josebalarratxe.tumblr.com helbidean.

Autoreak, logotipoari buruz, honakoa dio:  “Taldearen izenak duen esanahi bikoitza islatzen saiatu naiz marrazki bakarrean. Ariketa estilistiko modura hartu dut lana. “Beira” eta “begirada” irudikatu behar nituen, baina 2 ideien definizio maila lausotuz, horrela marrazkiari interpretazio aukera gehiago emanez. Azkenean estetikaren aukeraketak eman zidan irtenbidea: Beira puskatuaren arrakalak begiaren zaintxoak dira. Honek ematen dio beirazko burbuila soil bati begi izaera.”

Zergatik, ‘Beira’?

Beira izenak kristalaren antzeko material gardenaren eta ‘begira’ hitzaren oiartzuerazko ahoskerarekin jolas egiten du.

Bikotetik talderako urratsa

Jon Martinek eta Igor Arruabarrenak  sortu zuten Beira. Oraindik txupeteari tiraka zebiltzanean ezagutu zuten elkar Igor eta Jonek. Oiartzuarrak dira biak jaiotzez eta pare bat asteko diferentzia besterik ez dute. 2006an konposatu zuten lehen kantua (Bakardadeak) eta geroztik abestiak sortzen joan dira poliki-poliki. Dagoeneko bi diskotan argitaratu dira beraien lanak (Moskutik Lezotira eta Euskararen itotiyak). 2013an, ordea, diskoa ateratzea erabaki zuten eta Dena ez denean ezer izeneko diskoa  da beraien lehen lan luzea. 10 kanta bildu zituzten disko honetan. Bertso sortetatik abiatutako kantuak dira gehienak, baina badira doinuetatik abiatutakoak ere.

‘Dena ez denean ezer’ izan zen Beiraren lehenengo diska. 2013ko urrian aurkeztu zuten Dokan bertan. Jon Martin bertsolariak eta Igor Arruabarrena musikariak bakarrik osatzen zuten talde hau  garai hartan eta lehengoak egindako bertso sortak musikatzen zituen Arruabarrenak. Urte askotan zehar egindako lanaren emaitza izan zen. 2006an osatu zuten ‘Bakardadeak’ izeneko beraien lehen kanta eta geroztik errepertorio zabalagoa osatzen joan ziren.

Aurpezpen ekitaldirako, ordea,  Igorren talde ohiko (Hobira-ko) musikariak gonbidatu zituzten. Emaitza ikusita, taldeko partaide iraunkor bihurtu ziren.

Geroztik, astero batera entsaiatzen dute Arruabarrenatarren etxean. Disko honetako kantu guztiak elkarlanean sortzen joan dira.

Hona taldea osatzen duten pertsonei buruz informazio gehiago:

Jon Martin Etxebeste (Oiartzun, 1981)

Oiartzunen jaioa 1981eko urriaren 16an. Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziatua da eta Haur Hezkuntzan graduatua eta Psikodidaktikako masterra egin du. Gaur egun ikerlari lanak egiten ditu EHUrako: Xabier Leteren kantak aztertzen dihardu literatur ikuspegitik. Irakasle lanean jardun da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eta komunikazio munduan ere ibili da (Mihiluzeko gidoilari eta kazetari lanetan hainbat hedabidetan). Bertsolaritza munduan nabarmendu da bereziki. 2003an Gipuzkoako Txapelketan txapeldunorde izan zen (Maialen Lujanbioren atzetik) eta 3. eta 7. postuetan bukatu du hurrengo urteetan. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, berriz, finalerdietarako sailkatu da parte hartu duen lau edizioetan (2017, 2013, 2009 eta 2005). Txikitatik nabarmendu zen bertsotan: Eskolarteko txapelketan Gipuzkoako txapeldun izan zen taldeka 1994an eta Euskal Herriko txapeldun 1995ean. Bertso paperak idazten ere sariketa asko irabazitakoa da.

Igor Arruabarrena Rezola (Oiartzun, 1981)

Oiartzunen jaioa 1981eko urriaren 29an. Informatikako ingeniari Ikasketak Arrasateko Mondragon Unibertsitatean bukatu zituen 2004an. Geroztik informatikako eta teknologiako irakasle da Nafarroako Bigarren Hezkuntza publikoan. Musikarako txikitatik afizio handia izan zuen. Lehenik 8 urterekin trikitixa jotzen ikasi zuen. Hamabost urterekin bateria-jole zela, Hobira taldea sortu zuen. Aldi berean, kantak konposatzeko grinak jota lehenengo gitarra elektrikoa erosi zuen. Hainbat urtetan Hobira eta Qüm taldeetan kitarrajole eta abeslari ibili zen 2006 arte. Geroztik, Jon Martinekin Beira taldean zenbait abesti sortzen hasi bazen ere, aitatasuna medio, musikalki jarraitasun handirik gabeko urteak izan ziren. Gaur egun, berriz ere musikari bihurtua, Sunbillan bizi da bere bi alaba eta emaztearekin.

 

Urtzi Olaziregi Zabaleta (Oiartzun, 1979)

(1979, Oiartzun)   Nekazaritza eta Abeltzain kudeaketa eta antolakuntzako goi-mailako teknikaria. Gidari eta garraiolaria ere bada eta autobus eta kamioiak gidatu ditzake. Musika munduan, 1996an hasi zuen bere ibilbidea baxu jole bezala. Euskadi gaztea maketa lehiaketako X. edizioko entzulegoaren saria lortu zuen Hira taldearekin (Nortasuna, 2000). Bi urtez Euskal herriko plazetan barrena ibili ondoren Oiartzungo Hobira taldera egin zuen salto. 2008an Kudai taldearen partaide izatera iritsi zen, taldearen “Shah Mat” eta “Harezko dorreak” diskak grabatuz. Momentuan 5. diska prestatzen dabiltza.Trintxerpe eta Irungo musika eskoletan ere hainbat ekitaldietan hartu du parte.

 

Garikoitz Amundarain Armendaritze (Hondarribia, 1980)

Hondarribian jaioa 1980ko azaroaren 6an. Heziketa bereziko magisteritzan diplomatua da Euskal Herriko unibertsitarearen eskutik. Gaur egun Hondarribiko San Jose Ikastetxean lehen hezkuntzako tutore eta musika irakasle da besteak beste. Lan hauez gain, musika eta kirolarekin lotutako beste hainbat proiektu ezberdinetan sartuta dabil. Perkusio ikasketak ere baditu Hondarribiko Musika eskolan eginak. 12 urterekin hasi zen kitarra astintzen nahiz eta txiki txikitatik etxean musikaren kulturan barneratua izan zen. Hainbat talde ezberdinetatik pasatako musikaria dugu (Hobira, Qüm,  Demonic Tutor, Jaimina…), musika estilo ezbedinak landu dituelarik. Garrantzitsuena Hobira taldea izan zen. 10 -12 urtez Igor Arruabarrenarekin hasieratik eta ondoren Mikel Arruabarrenak eta Urtzi Olaziregik lagunduta,  Heavya eta Trash metala lantzen aritu bait zen. Gaur egun Hondarribian bizi da beti proiektu eta ideia berrietarako prest.

Mikel Arruabarrena Rezola (Oiartzun,1977)

1977 ko ekainaren 4-an Oiartzunen jaioa. Euskal Herriko unibertsitatean Ingeniaritza ikasketak burutua. Gaur egun sarraila munduan dabilen taller bateko arduradun gisa dabil. Bere lagunekin musika talde bat sortzeko irrikaz, baketen munduan sartzea erabaki zuen eta honela sortu zuten AE Zutik taldea. Bertan  ibili zen hainbat urtetan. 1999 urtean bere anaia Igorrek Hobira taldean bateria postua utzi eta kitarra jotzearen erabakia hartu zuenez, Mikelek bete zuen hutsune hau Hobiraren bukaera arte. Zenbai proiektu ezberdinez gain, Qüm talde esperimentalean ere ibilia da. Hobiraren itzuleran, abeslari moduan ibili zen Eñaut Balentziagak bateriaren postua hartu zuelarik. Gaur egun bi proiektu garrantzitsutan mulgilduta dabil Irunen bizi den musikaria. Beira taldearen  bigarren diska lehena eta bigarren proiektua eta garrantzitsuena, aitatasuna.